XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

errepublika baten bikaintasuna zekarrela ikusi dugunez, zenbat eta luxu gutxiago izan errepublika batean, hainbat eta perfektuagoa izango da.

Ez zegoen luxurik batere lehen erromatarren artean; ez zegoen batere lazedemoniarren artean ere; eta berdintasuna erabat galdurik ez dagoen errepubliketan, merkataritza-, lan- eta bertute-espirituak dakar bakoitzak bere ondasunetatik bizi ahal eta nahi izatea eta, beraz, luxu gutxi da han.

Lurren banaketa berriaren legeak, zenbait errepublikatan behin eta berriz eskatuak, onak ziren berez.

Bat-batean ezartzen badira baizik ez dira arriskutsuak.

Bat-batean batzuei aberastasunak kenduz, eta beste batzuenak handituz, iraultza dakarte familia bakoitzera, eta iraultza orokorra eragin behar dute Estatuan.

Luxua errepublika batean ezarri ahala, espiritua interes partikularrera begira jartzen da.

Beharrezkoa besterik ez dutenei, aberriaren eta beren loria baizik ez zaie geratzen desiragarri.

Baina luxuak hondatutako arima batek beste hainbat desira ditu: laster bihurtuko da enbarazu egiten dioten legeen etsai.

Rhègeko goarnizioa luxutan sartzearen ondorioz, biztanle guztiei zintzurra moztu zieten.

Erromatarrak galbideratu bezain laster, haien desirak neurrigabe bihurtu ziren.

Gauzei jarri zizkieten prezioetatik atera daiteke hori.

Pitxer bat Falernoko ardo, ehun denario erromatarretan saltzen zen; barrika bat Pontoko haragi gazitu, laurehun kostatzen zen; sukaldari on bat, lau talentu; mutil gazteek ez zuten preziorik.

Bulkada orokor bati jarraituz, mundu guztia atseginzaletasunera eman zenean, zer gertatu zitzaion bertuteari?

III Aristokraziako luxuari buruzko legeez

Gaizki eratutako aristokraziak zorigaitz hori du, nobleek aberastasunak dituztela, eta hala ere ezin gasta ditzaketela; luxua, neurritasun-espirituaren kontrakoa izaki, legez kanpo utzi behar da.

Beraz, besterik ez da izango han: oso jende pobrea, hartu ezin duena, eta oso jende aberatsa, gastatu ezin duena.